XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Alde-alde banekien nola zen haur bat sabelean hazte hori, eta nola ateratzen den ere bai.

Baina nola sartzen zen, hori ez nekien oso garbi.

Nire ikasgelan bazebiltzan zurrumurruak horretaz eta nik amaren ahotik jakin nahi nuen txutxuputxuka esaten zena egia zen.

Eta zergatik ibili behar zen txutxuputxuka, baldin eta berak beti esaten zuenez, dena erabat naturala bazen?

Antza denez, nire galderak ustekabean harrapatu zuen.

Hik oraindik ez dun hori ulertzen! esaldi automatikoaz erantzun zidan eta nik gelara lasterka ihes egin, ohepean sartu eta negarrari eman nion.

Egun pare bat geroago berekin paseatzera joateko eskatu zidan, nirekin hitzegin nahi zuela.

Bihotza taupada handiak ematen hasi zitzaidan eta galdetu nion ezin al zidan esan beharrekoa paseatzera joan gabe esan.

Solemneki eztarria garbitu eta haurtxoen auzia argitu nahi zidala iragarri zidan.

Baina orduan neuk ez nuen nahi.

- Azken buruan badakit dena -esan nuen.

Eta bizkor-bizkor beste zerbaitez hitzegiten hasi nintzen.

Bera nitaz ni berataz bezain etsia nengoen.

Triste zirudien eta pena eman zidan.

Baina ezin nion lagundu.

Ez ninduen arbuiatu behar.

Halere atsegin dut ama.

Oso atsegin, gainera.

Eta pena da nik hainbeste aldiz elemena eman behar izatea.

Eta alderantziz, berak niri ere eman behar izatea, ze ahaideez gainera beste hiru dozena mania ezberdinez torturatzen bait nau: mahaiko portaeraz, orrazkeraz, hatzazal garbiez, mesedez eta eskerrikasko esateaz, kaxoi nahasmahastuez eta arropa gordetzen dudaneko lorrinaz.

Eskolaz torturatzen nau beste ezertaz baino gehiago.

Ikasleen guraso-bileratara joaten denean beti lur jota itzultzen da, irakasle guztiak beste behin nitaz kexatu zaizkiolako.

Bera orduan beti zurbildu egiten da eta etsipenak jotzen du eta hori izugarria izaten da niretzat.

Askoz egokiagoa litzateke aita bileretara joatea.

Berak askoz hobeki babestuko luke bere burua; han orain dela gutxi esan zidan esaldi zorrotzaz baliatu ahal izango litzateke: kontraesate izpiritua ez dela beti ausarkeria seinalea, baizik eta pentsamenduzko independentziarena!

Baina aitak eskintxo egiten dio auziari.

- Haurrak hezitzea -dio berak- amaren kontua da.

Horrela dira gauzak.

(Esaldi-kaiola!).

Bai eskolan eta bai etxean, egunkariaren, liburuen eta (...)